Denok geunden Benito Lertxundiren agurraren berriari adi, eta 13 urteko ilobak galdetu digu ea zeintzuk diren Benitoren kantuak. Aipatu dizkiogu Loretxoa, Bizkaia maite, Udazken koloretan, Zenbat gera, Zergatik utzi kantatzeari, Matalaz, Itsasoari begira, Mirotzak, Gure bide galduak… Etxekoon adinaren arabera, leku batera edo bestera joan gara kantuen bila. Guztiok izan dugu erantzun bat, eta soinu banda bat osatu dugula iruditu zait; pareta hauetatik kanpo ez du zentzurik izango, baina guretzat berezia da. Pentsatu dut egun hauetan beste etxe batzuetan ere izango direla halako elkarrizketak, nostalgia ariketak, kantuen bilaketak, bakoitzaren momentuak besteekin konpartitzeko ahaleginak...
Musika talde askok utzi dute jarduna Euskal Herrian, eta berriak sortu dira. Benito Lertxundiren erretiroa, hori baino gehiago da, hala ere. Ziklo oso bat itxi dela iruditzen zait: kantatzeko eta kantuak transmititzeko modu baten agurra. Munduak aurrera jarraituko du, baina hutsunetxo batekin.