Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Errua

2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Laguntza edo erreskatea: izenari buruzko eztabaidari lotu zaizkio jostailuzko ezpatak zorroztuta hego euskal herritarren eremuko alderdi nagusiak. Zertarako heldu izanari, izenari buruzko mokoka pasioz beteak izenburuak, albistegietako minutuak eta sare sozialetako txioak oparo ematen baditu? Aspaldi ahantzi zuten politika, eta hitz eta ideien mozorrotze profesionalari ekin. Gainera, izena ganoraz jartzen hasiz gero, erreskateak ere askozgehiago du eufemismotik errealitatetik baino. Bahimendu, bahiketa, desjabetze... hortxe egiaren ildoak.

Nolanahi ere, larritasun kolektiboari beste estutu bat: jakina da izen batekin edo bestearekin iragartzen den gauza bakarra bizimoduaren okertzea dela. Eta, hori gutxi balitz bezala, hitzen eta ideien mozorrotzaile profesional horiek erruaren zamarekin bihurritu nahi dute oraindik eta gehiago herritarraren zintzurra. Bosgarreneko bizilagun langabeziara egotzia, bigarreneko amona alarguna eta laugarreneko guraso zintzoa makrofinantzen makrodeskalabruaren errudun! Egia da, denok jolastu gara aberats berrietara, denok bizi (izan) gara eramangarriak diren neurrien gainetik. Baina ez geure kabuz, herritar eredugarrien egitekoa erostea, zorpetzea eta suspertzaile ekonomiko izatea dela dioen kontsentsuak otzanduta baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.