Ane urduri dago. Faborez azkazalik ez jateko esan dio Iñigok, hozkia ematen diola. Zapuztuta altxatu da sofatik, eta, marmarka, sukaldera joan da. Kirika egin du kalera berriro leihotik. Seiak eta hamar dira paretako erlojuan, eta pixka bat lasaitu da: gero eta gutxiago falta da zazpietarako, hau da, Irati etxera itzultzeko. Egunkaria hartu du apaletik, eta sudokua egiteari ekin dio. Baina zenbakien dantzarekin pentsamenduena nahasi zaio Aneri. Badaki ez duela urduritzeko motiborik, baina aurreneko aldia da 9 urteko Irati, alaba, lagunekin ateratzen dela kalera, larunbat arratsalde pasa, bere kabuz, bakarrik. Lau eta erdietatik zazpietara, hortxe muga. Badaki herri lasai batean bizi direla, baina, badaki, halaber, alaba baloiaren atzetik errepidera itsu-itsuan ateratzeko gai dela. Eta gogoratu du parkeko txirrista handiko hesitik tximuak bezala zintzilikatzea gustatzen zaiola. Eta behin Iratiren lagun batzuk trenbide gainean jolasean harrapatu zituztela.
Atetik sartu denean, estu-estu besarkatu du. «Zer egin duzue? Non ibili zarete? Parkean? Ikastolako jolas-lekuan?», galdetu dio antsiaz. «Ama... paseatu egin dugu, dendetako erakusleihoak ikusi». Ordu arteko kezka guztiak bat-batean desagertu zaizkio Aneri. Tristura handi batek egin dio habia urdailean.
Bira
Erakusleihoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu