Ikusten ditut nire inguruko umeak jo eta su neguan, eta ikusten ditut jo eta ke udan. Askok arazorik gabe atera dute kurtsoa, baina ikasitakoa ez ahazteko etxerako lanak egiten dituzte, edo gurasoek oporrak hartu bitartean ikasketekin lotutako campusetara joaten dira, edo errepasatu egiten dute dakiten hori, edo kirolean hobeak izateko laguntza bilatzen dute... Ni ez naiz ez gurasoa ez irakaslea, umeen lan-kargak kezkatu egiten nau. Eskolatik etxera ekarritako lanez gain, musika, hizkuntzak... ikasi behar izaten dituzte. Umetatik behartzen ditugu umeak titulu gehiago eta gehiago izatera, destakatzera, onenak izatera. Ez badituzte etxeko lanak ulertzen, ez dute hurrengo egunean irakasleari galdetzeko itxaroten: gurasoek laguntzen diete. Eta gurasoek ezin badute, gurasoen Whatsappeko taldeetan eztabaidatzen dira zalantzak, eta hantxe ibiltzen dira denak irakasleak hurrengo egunean argitu dezakeena argitzen. Eta ez, arazoa ez da bakarrik eskolatik etxera lan asko eramaten dutela neska-mutilek: etxean eskatzen zaiena ere arazoaren parte da askotan.
Neure buruari askotan galdetu diot ea zer egiten ari garen gure umeekin, eta lehengoan kulturartekotasunari buruzko tailer batean aurkitu nuen erantzuna: «Umeen entrenatzaile pertsonal bihurtu gara». Hain zuzen ere.
BIRA
Entrenatzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu