Uste dute berri faltsuak eta aburu denialistak hedatzen dituzten sare sozialak sortu dituztelako globoa meneko daukatela. Sareturiko kideak oro eskuin muturreko ideien zabaltzeko tresnak bilakatuak dira. Uste dute, halaber, biolentoak, jendeak ostikoka eta laidoz tratatzen dituenak dituela gerla politikoak, ekonomikoak eta kulturalak irabazten. Horretaz ziur daude, baina humanitatearen historiak alderantzizkoa erakusten du: etorkizunaren kuskutik jalgitzea lortzen du ahulak, originalak, arraroak, batzuetan aberranteak ere: aurkikuntza zientifiko asko hainbat errore 404 entzutetsuri esker burutu dira...
Neandertalen eta sapiensen iraupena elkarrekiko arretaz segurtatu da mila urteetan zehar. Orduko jendarteak, gureak ez bezala, beraien umeez, haurrez eta adinekoez axolatzen ziren, eri zirenean artatzen zituzten eta belaunaldi batek besteari bere jakitatea transmititzen zion. Beste adibide bat: XVII. mendean, Cap Cod badiako autoktonoek, negu garratzaren atarian, Mayflower ontziko beilariak lagundu ez bazituzten, agian, munduaren muturra ezberdina zatekeen gaur...