Hitz hau erabiltzen dugun aldi oroz txiki sentitzen gara, ahulezia salagarri baten aitormena bailitzan. Denek azkarrak, indartsuak eta erabakiorrak izan nahiko genuke, edo bederen hala agertu jendeen aitzinean. Hori baita hondarrean inportantea, nola ikusten gaituzten ingurukoek. Etengabeko joko hilgarri bat da kanpoaren eta barnearen artean, eskizofreniko bihurrarazten ahal gaituena.
Estatu Batuetako oligarkak krisi betean daudela ematen du. Musken ondotik Zuckerberg ere hasi da zer nahi erranka diskriminazio positiboaren eta sozietate inklusiboen kontra: erran du maskulinismo dosi handia premiazkoa duela, irautekotan, hainbeste ezberdintasun onartzeagatik zikiratua bezala dabilen neoliberalismoak.
Ahoan bilorik gabe mintzatu da, Trumpen ardura deitzeko asmoz. Eraikiko duten egitura, ondorioz, gizonezkoa, zuria eta osasuntsua izanen da, gainerako humano guziak subalterno destinora kondenatuz. Perspektiba horrek beldurtzen gaitu eta gure baitan errepikatzen gabiltza: «Hainbat gaizto enpatia erakusten duen loser gaixoarentzat!».