Paula Huenumilla irakasle maputxearen elkarrizketa zekarren atzo BERRIAk: mapudungun hizkuntza ikasteari ekin zion bere familian transmisioa eten eta 100 urtera eta ikaskuntzan ez eze, irakaskuntzan ere badihardu gaur egun. Mapudunguna ikasten hutsetik hasten direnen azalean jartzeko etorri da, hain justu, Zornotzako Barnetegiko euskara eskoletara.
Bestela funtzionatuko genuke, beharbada, urtean horrelako egonaldi bat eginaraziko baligute; hasi baino lehen giltzak, mugikorra eta nork bere esparruan dituen abantailak entregatu beharko lituzkeen egonaldia. Bezero gogaikarriak, adibidez, tabernari lanetan arituko lirateke ordu txikiak arte eta udaltzainak kale kantoietan CDak saltzen. Beharginen segurtasuna bermatzen ez duten enpresariek beren seme-alabak bidali beharko lituzkete langileen postuak betetzera eta mediku elebakar gazteleradunak frantsesez komunikatu beharko lirateke beren doktoreekin. Osasun eta Hezkuntza Sailetako kargudunek oposizioetako gaitegia ikasi beharko lukete eta gurasoek umeen lekuan egon familia-bazkarietan (txokoan eta ahalik gutxien molestatzen).
Bestela funtzionatuko genuke, beharbada, lantzean horrelako egonaldi bat eginaraziko baligute. Edo, beharbada, ez: barnetegira deituriko abantailadunek berehala joko bailukete desobedientziara beren enpatia ariketa intsumisoen azalean jartzean datzala esanez.
BIRA
Enpatia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu