Gorputza nahieran moldatzeko libertatea aldarrikatzen da eta argi dago ondorioak espektakularrak izan daitezkeela. Aldizkariek erakusten dituzte aldaketa eta bir moldaketa horiek, ad nauseam. Tatuajeak ikusten dira, eskarifikazioak, bular eta uzki peza silikonatuak, bai eta iragan astean zendu zen Jocelyn Wildenstein izaki arraroaren —eta diruz okituaren— katu bilakatzeko xedearen bidaldiak oro. 79 urteetan joan da miauka, aurpegiz eta soinez, katu eme sentsuala bilakatu nahiko zuen suitzarra.
Bi haurren ama hau New York eta Miami artean bizi zen, Alec Wildenstein arte tratulantarekin ezkondua. Bere alde bihurtu zen dibortzio eder bat egina zuen gainera. Katu itxura hartzeko milioiak gastatu zituela diote zurrumurruek eta Instagrameko harian milioika segitzaile zituen. Antzeko eskubiderik ez daukate hargatik, gordean egon daitezen talibanek beren etxeetako leihoak tapatzea manatzen dieten Afganistaneko emakume-arratoituek. Zuloz zulo dabiltza, mundu mailako boteretsu bakar batek ere ez duela egoera hori salatzeko kemenik...