Afari solidarioen bila joaten den jendea ere arriskutsua zaigu. Ez dakit nik ze gizarte eraiki dugun edo telebistak zer saltzen digun, baina zerbaitek huts egiten du. Ikusten dut jendea etxean alarmak jartzen eta haiek jartzeko gomendioa egiten, edo soroetako itxituretan giltzarrapoak ipintzen, eta lotsatu egiten naiz gauez atea giltzaz itxi gabe lo egiten dudala kontatzen. Egia da gizartea aldatu egin dela, beharrizanak lapurretarako beharra sortzen duela, gaizkia egiteko prest dagoen jendea badela… baina noraino da hala eta noraino esaten digute hala dela? Benetan nork osten digun jakinda, estuago itxi beharko genuke diru zorroa argindar enpresako teknikaria ikusten dugunean, gu baino azal ilunagoa daukan jendea ikusten dugunean baino. Ez da horrela, ordea. Aurreiritziz betetzen gaituzte. Kalean bizi eta afari baten bila hura lor dezakeen lokalera doan jendea arriskutsua dela sinetsi arte.
Ezin dugu jende txiroa jasan, eta aberatsak dira behin eta berriz gure dirua zein eskubideak osten ari zaizkigunak.