Onintza Enbeita
BIRA

Egonarria

2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Aitaren lasaitasunak harrituta nauka. Informatibo guztiak ikusten ditu: badaki zaharrez eta gaixotasun kronikoez ari direnean, berataz ari direla, baina berak bere errutina mantentzen du. Ganadua gobernatzen du egunero eta inora ez joateak ez du kezkatzen. Beti bizi izan da etxe berean, beti zaindu izan du lur bera eta ez du bertan egotea zigortzat hartzen. Ez dauka ateratzeko antsietaterik, lasai dago. Eta hala daude gure herriko zaharrik gehienak ere. Lezio bat ematen ari zaizkigula iruditzen zait. Guztiok ez gaitu sistema kapitalista, patriarkal, ekozida honek berdin irentsi. Batzuek lurra sostengatzen dute, eta lurrak haiei eusten die.

Hor gaude gu estu eta larri, aita kutsa ez dadin, eta berak esaten digu ez zoratzeko, hil behar duenean hilko dela. Gauza bera esan die gure auzoko bikote batek seme-alabei: «egunen batean hil beharko dugu, bada, daukagun edadearekin». Batzuetan pentsatzen dut zein ederto biziko nintzatekeen lasaitasun hori banu, zoriontsua izateko munduan tokatu zaidan leku hau baino gehiago behar ez banu, egunero tabernara edo kafetegira joan beharrik ez banu... eta gero konturatzen naiz benetan ez dudala ia ezer behar, baina bizi gara behar ez duguna derrigor beharko bagenu bezala. Eta barrura bildu behar dugunean, ito egiten gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.