Beti ikusten da aldaketa klimatikoarekiko Trumpen postura negazionista, baina ez gara ohartzen Europa ere bide beretik abiatua dela: Washington baino lehen, Brusela jarri zen aldaketari buru egiteko neurriak zepora aurtikitzen, (nekazari) lobby industrialen konplizitatearekin. Boteretsuek badakite ineluktablea den fenomeno antropozeniko horri ihes eginen diotela, 2019ko L’effondrement izeneko mini-serie distopiko harrigarri batek ongi erakusten duen bezala! Amesgaiztoa, prefosta, autokratak gobernura igortzen dituzten jende xeheen egunerokoa izanen da.
Aste honetan jakin da, Frantzia mailan, lau graduko tenperatura emendatze bati egokitzeko berrogeita hamabi neurriak prest direla sektore sozio-ekonomikoari aplikatzeko. Itsasertzak, mendiguneak, laborantzaren eta basozaintzaren alorrak lehen lerroan aurkitzen dira. Ez da gehiago derrigortasunik planteatzen, neurriak indikatiboak dira, nahieran eta kontzertazio bidez martxan ematekoak. Adio beraz hertsapenak eta gure bizimodu negozia ezinaren kontrako mehatxuak! «Dena ederki doa(la) ahalezko mundurik hoberenean…» erran lezake Voltaireren Panglosek.