François Bayrouk 2026ko Frantziako buxeta irudikatu du iragan eguneko bere hitzaldi batean: bistan dena, kontu publikoak ditu partida, 40 miliarreko zuloa bete behar dute, aberatsenen pribilegio fiskalak hunki gabe, alaina! Ahots dardartiz erran du «egiaren orduak» badirela. Frantziak ez omen ditu bere politika (a)sozialak finantzatzen ahal «ez duelako nahikoa ekoizten, ez eta aski luzaz lan egiten!». Bizkitartean, herritar gehienen zergak gora doaz, salbu fortuna handienenak, bereziki ultra aberatsenak, ez baitira hauek zuzen litekeen neurrian «gaztigatuak».
Nonbaitik ere eskualdeen eta herrien dirutzetan, seguritate sozialean eta estatuaren funtzionamendu gastuetan egingo dituzte sakeak. Egoera larria da. Bayrouk azpimarratu du etorkizuna ilun «ikusten» zuela, baina bere ministro lagunarekin argi utzi zuen ez zutela motozerra, igitaia edo aihotza erabiliko. Hargatik, zein mailatako konfiantza ukan dezakegu, duela hiru hamarkada, Hezkuntza ministro zelarik, Pauetik kilometro eskasetan gertatzen ziren Betharrameko ikasleen kontrako eraso larriak ez zituela «ikusi» berresten duenarengan?