Itxaro Borda

(E)negua

2025eko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Batzuetan tenperaturak zero petik dabiltza, gure haur denboran bezala. Besteetan udaberri usain betegarri bat banpez altxatzen da lurretik. Biharamunean, hego beltzak setiatzen ditu inguruak, euri uhar bortitzei bideak irekiz. Entzuten da, han eta hemen, eguraldia erotzen doala. Askok ez dute sinesten beroketa klimatikoaren egiatasunean, bakarrek baizik ez dituztela jadanik, Mundu Mailako Esperto Taldearen iragarpenak aintzakotzat hartzen. Itsasoko aire korronteen norabide aldaketaren perspektibak ere ikerlariak ez ditu bakean uzten...

Negu minean, haatik, zeru grisen azpian aspertuko edo enoatuko naizen arratsalde ilun luzeak berantetsiak ditut. Mugikorrean, Vivaldiren Lau Urtaroetako Negua piezako bigarren mugimendua jartzen dut, eta orduan, iruditzen zait, hotza hezurretaraino sartzen zaidanean, horma aro benedikatu harekiko doluaren soinu bandarik egokiena dela. Bereziki igandea baldin bada. Begiak hezetzen nabaritzen ditut largoaren lehen biolin notak hautematean eta James Joyceren Dublindarrak laneko azken hitzak datozkit gogora: «Elurra egiten zuen... bizien eta hil guzien gainera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.