Abenduko egun hauek urteko garrantzitsuenak dira hainbat kultur ekintzaile eta egiturarentzat. Durangoko liburu & disko azoka besta bat DA!, nahiz eta gehienetan, euskara, kultura eta larrialdia hitzak sistematikoki uztartzen ditugun. Beharbada jendeari gustatzen zaio euskararen munduak, noiz behinka, ematen dion poz, kemen eta kalipu ikusgarri jendetsu hori! Esperientzia berezia da, gure ADNaren —edo DNAren, dependitzen du mugaren zein aldeetakoa zaren— sakonean txertatu dena.
Asebetetasun sentsazio bat ere bada. Merkatua da, egiazkoa, kultur ekoizpenak erostera akuilatuko gaituzten iragarpenekin, soinuekin, errepikapenekin, iruditeria komertzialarekin. Gure izpiritu ahulek ez dute ihesik: txosnetara hurbiltzen gara, antsiatsu, idazle ospetsuren baten agurtzeko, izenpedurak eskatzeko, eta agian, zergatik ez, selfiak egiteko... ohiturak eguneratu ditugulako. Komunikazioaren plazerak inarrosten gaitu gu ere. Ez diogu Olatz Salvador zoriontzeko edo Izaro besarkatzekoari uko eginen, ez horixe dio Orixek, eta Lertxundik: Ez nabil ezeren bila...