Onintza Enbeita
BIRA

Dirua

2018ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Loteria tokatu da gure ondoan, eta badago poza baino eman ez didan jendea. Badakit orain dirua ikusi duten batzuk gaizki pasatzen egon direla, edo pasatu izan dutela. Dirua, dirua baino ez da; baina poz txikiren bat ekarriko du. Loteriaren absurdoan ere, justizia dago batzuetan: etxea galtzeko zorian egon den norbaiti tokatzen zaionean, esaterako. Beste kasu batzuetan, bizitzak mukirik ez daukanari eman dio zapia. Dena dela, poza zabaldu da herrian, eta poza beti da lagun ona.

Lagun onak adina poztu dira banketxeak. Ez dira inoren lagunak, baina gehienon bizitzak kudeatzen dituzte; zuzenean ez bada zeharka. Zapatu arratsaldean Gernika-Lumoko sukurtsalak ireki egin zituzten. Ulertzen dut beharrezkotasuna, onartzen dut urgentzia, sinisten dut dezimoa lapurtuko ote zioten beldurrez zegoela jendea.

Baina banketxeak... arratsaldez astean behin eta gauza konkretuetarako baino irekitzen ez dutenak, erreziboen ordainketa goizeko lehen orduan bakarrik onartzen dutenak, dirua sartzearren kobratzen digutenak, ez dakit zenbat diru baino gehiago behar dugunean aurretiaz eskarazten digutenak... larunbat arratsaldez zabalik. Ustez, zerbitzua errazteko. Nola zioen esaera zaharrak? Diruak malkarrak zelaitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.