Itxaro Borda

'Dinc a leu'

2025eko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Urtarrilaren seiaz geroztik Baionako bus garraio sarea berriz moldatu da. Buru zokoan geneuzkan ordutegiak ahantzi beharrean aurkitzen gara. Gure onerako egin da aldaketa: busen frekuentzia hobetu dute, norabideak biderkatu dituzte eta bilbe bakarrean urtu dute iparralde osoko mugikortasun sistema, Saratik Bidaxunera, Angelutik Atharratzera, Garazitik Martxutara edo Baionatik Hendaiara. Adi berean, hiru hizkuntzetako seinaletikoa sartu dute, dagoeneko euskaraz, okzitanoz eta frantsesez agurtzen gaituztela Irizar markako autobus beltzetako ahots sintetikoek...

Badakit, ene partetik, denbora emango dudala premiazkoak ditudan lineen nondik norakoak memorizatzen —adinak ez ditu zereginak errazten! Jadanik bizpahiru menderatzen ditut, eman dezagun Miarritzera, Barrara edo Donapaleura joateko behar ditudanak. Egia erran, kostalde honetan ibiltzeko, oinatzaz aparte, ez dut besterik erabiltzen: busa, trena, eta topoa muga gainditzen dudanean. Astia eta antolakuntza galdatzen du egiteko molde horrek, baina ohitura hartzen baldin badugu, plazer sozial hutsa da: dinc a leu, laster arte...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.