Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Diagnostikoa

2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Robert Roquebert 85 urteko gizonezkoak emaztea tiroka hil du Senperen, eta, ondoren, bere buruaz beste egin. Ipar Euskal Herrian gehien saltzen den egunkariak zabalduta dakigu 42 urte zituela emazteak —senarrak baino 43 urte gutxiago zituela dator azpimarratuta—, senegaldarra zela, hiru seme-alabaren ama, eta duela hiru hilabete ezkondu zirela. Egunkari berak esanda dakigu gizon lasaia zela Roquebert, inork ez zuela inoiz pentsatuko inori tiro egiteko gai zenik. Kazetak agertu digu ziurrenera ezin izan duela jasan ezkondu eta hiru hilabetera andreak etxetik alde egitea, Poliziak haren maletak prest aurkitu baititu garajean.

Ipar Euskal Herrian gehien saltzen den berripaperak andrearen izenik ez digu eman, ordea. Ez du merezi. Senegaldarra dela eta senarra baino 43 urte gazteagoa, ez al dira ba datu nahikoa drama ulertzeko? Drama baitio egunkariak: ez da hilketarik; are eta gutxiago indarkeria matxistarik. Honezkero, aurreiritziak estereotipoekin biribilketa alaian dabiltza irakurleen burmuinetan, «oi, aitonatxo engainatu gizarajoa» kantari.

Hurrena, halako gertakariak desagerrarazi beharreko gaitza direla esango digu kazeta berak. Gaitza suntsitzeko, ordea, diagnostiko egokia da lehen oinarria: gertatutakoak zuzen izendatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.