Miren Amuriza.
BIRA

Despedida

2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Kafea ez, eska dezagun ardo bana. Gaur neure kontu, gauza bat esan behar dizut-eta: bihartik aurrera ez naiz etorriko. Ez, irailean ere ez. Azken bi urteotan gustura aritu naiz zurekin, goizero-goizero, mahaiaren albo banatan jarri eta halako eta bestelakoez hizketan. Aitortu beharra daukat biluzi samar sentitzen naizela orain, hainbeste gairi buruz jardun natzaizu-eta hain neuretik... Ordea, gogaitu ere egin gura ez zintudanez, uztea pentsatu. Eta gauzak zer diren, erabakia hartu eta batera ez zitzaidan, ba, ideia mordoa bururatzen hasi?! Bikotekidearekin moztea ebatzi eta harremana ondo funtzionatzen hasten denean lez... C'est la vie. Badakit zeuk ere sarritan partekatu izan dituzula lagunekin nik zuri kontatutakoak, eta haiek eurenekin... Ez nuen horrelako oihartzunik espero, egia esanda. Badakit, halaber, askotan nirekin ados egon ez zarena eta, tira, neurri batean poztu egiten naiz horretaz ere; nork geure kabuz pentsatzeko gaitasuna galdu ez dugun seinale. Baina, batez ere, pribilegiatutzat daukat neure burua esan gura nituenak esateko lekua eta entzuteko prest egon den norbait eduki izanagatik. Horretxegatik, eskaini didazun denbora eskertzeagatik ibili naiz gogoan geratzeko moduko azken puntu borobilen baten bila (bertsolariaren ajeak...). Ordea, zintzoki, ez zait ganorazkorik otu. Keinu batekin agurtzen zaitut, beraz: topa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.