Ezin gara baratzera joan. Hala esan dute: baserritik bizi direnak edo jarduera profesionala dutenak bai, besteak ez. Zer izango da hurrena? Ganadua gosez hil dadila eskatzea? Gure behiek jan egiten dute guk jarduera profesionalik ez badugu ere, eta haientzat belarra mozteko baimena eskatu behar al dugu? Bai, pentsua eros daiteke. Horretara iritsi nahi nuen, hain zuzen ere: azkenean, etxerako ekoiztea debekatuko digute dena kanpoan eros dezagun. Eta badakigu hori norentzat den ona.
Garai gogorrak dira erromantizismorako. Baserrian bizitzea pribilegioa bihurtu da bat-batean, baina kontuz! Autoritateak ez du emoziona gaitezen nahi: kalekoek baino metro karratu gehiago ditugu, baina alferrik galtzen utzi behar ditugu. Izan ere, udan ezer jaso nahi duenak, orain du lanerako garaia, baina ezin du lurrik ondu.
Barkatuko didate gure agintariek, baina ez daukat obeditzeko asmorik. Confebask ekonomiaren martxan ibili beharraz ari zait, eta nik ezin dut patatarik erein? Ez daukat gure ortua belarrez eta sasiz bete arte begira egoteko asmorik. Eta ez daukat ortuan nabilenean ezkutatzeko gogorik ere.
Berdin dit munduak ekonomiaren oinetara makurtzeko asmoa baldin badu, edo gure agintariak zoratu egin badira: ekoizten jarraituko dugu. Etxerako, auzorako, nahi duenarentzat.
BIRA
Desobedientzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu