Gure bizitzek aldi bi izan dituztela dirudi: pandemiaren aurretik eta ondoren. Eta hori baino okerragoa da aurretik egiten genituen gauzez ez garela oroitzen. Badirudi zerotik hasi garela, eta ez da egia. Gure bizitzak baziren lehen ere. Ez da gauza handia izango, baina amorragarria egiten zait taldean bildu eta «orain egiten ditugun gauzak» goratzen ditugunean. Batez ere, orain lehen baino hobeto bizi garela dirudielako. Eta agian hala izango da kasu batzuetan, baina ez beti eta denon kasuan.
Elkartu gara aspaldiko partez eta lehen urtero egiten genuena egin dugu: elkartu, jan, edan eta gozatu. Eta hasi gara: gehiagotan egin behar dugu, urtero halako bi... bada lehen egiten genuen, eta bat-batean ezin genuela esan ziguten. Eta guk ez genuen egin. Eta ia urte luze bitan errespetatu genuen esandakoa taldearen izenean, eta halako batean, berriz ere ahal dugula esan ziguten eta orduan, mundu guztia elkartzen hasi zen. Eta ordura arte ateratzeko prest egonda atera ezin izan genuenok mindu egin ginen, baina zegoena hori zenez, bada atera egin ginen. Eta ondo. Lotuta baino hobeto gaude libre; edo elkarrekin behintzat. Kontua da lehen ere bizi ginela, eta orain ere bizi egin behar dugula. Inork ez digu ezer bueltatuko, baina guk ez dezagun kendu digutenetik ezer deskontatu.
BIRA
Deskontua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu