Bira
Denborak
Lobak ikuskizunean parte hartu behar nuela-eta sarrerak atera nizkien gurasoei, izeko Pili eta osaba Moisesi eta amaren barikuetako lagun Karmen eta Bedari. Pozik egon ziren seiak Gernikako bonbardaketan egondakoen ilobek antolatutako ikuskizunaren ostean: asko gustatu zitzaien. Dena ez zuten berdin gozatu, baina ez galtzeko modukoa izan zela esan zidaten. Audiencek Astrako bunkerrean grabatutako bideoarekin, ordea, zalantzan ikusi nuen ama. Ez zitzaion asko gustatu letrarik gabeko kantu hura. Bunkerreko iluntasunean ahots urratu bi oihuka entzuteak ez zuen hunkitu, edo lehen bezala gelditu zen entzun eta gero, edo azaltzen ez zekien sentipena zuen. Barre egin nion. Hogeita bost urte lehenago Santanape frontoira joan ginen hiru ahizpok gurasoekin. Mikel Laboa zuzenean ikusi nuen lehen aldia izan zen, eta Lobak ikuskizunean Audiencekoen ahotik entzun genuen kantua nola kantatzen zuen entzun genuen; izan ere, Gernika da kantuaren izena. Orduan entzun genuena zoragarria iruditu zitzaien gure gurasoei, edo hori da gordeta daukadan sentipena: gu izugarri aspertu ginela, eta haiek gogor txalo egin zutela. Orain, alderantziz izan da: ama ez da konbentzituta atera, baina niri itzela iruditu zitzaidan. Bakoitzak bere sasoian bere sasoikoa, bota zidan amak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu