BIRA
Denbora
Hor nonbait irakurri dut gaur bezalako egun batez erregistratu zutela COVID-19ak hildako lehen pertsona 2020an. Pentsatzen egon naiz denbora horretan zenbat gauza gertatu diren: txinatarrei barre egin genien, etxean sartu gintuzten hilabete bi, kalean egoteko ordutegiak ipini zizkiguten, positibo ematen genuenoi telefonoz deitzen ziguten medikuek ezer larririk antzematen ez bagenuen, musukoarekin ibiltzea derrigorrezkoa zela esan ziguten, herri batetik bestera joatea debekatu zuten, COVID-19aren kutsatze indizearen arabera gorriak edo berdeak ginen esplikatzen zigun telebistak aldiro, txertatzeko esan ziguten, txertatzen ez zirenak kriminalizatu egin zituzten, gazteak kriminalizatu egin zituzten etxetik ateratzen zirelako bakarrik, zaharrak bakardadera kondenatu zituzten, umeen jolasteko parkeak prezintatu egin zituzten... Dena da zituzten eta ziguten. Neurri onak, txarrak eta oso txarrak: guztiak erabaki zituen norbaitek, eta guztiek ez dute zerbaitetarako balio izan. Inork ez du konturik eman. Ez dira hainbeste urte pasatu: iazko urtean, garai honetan, musukoarekin ibiltzen ginen oraindik. Gure burutik ezabatu egin nahi ditugun gauzak izango dira agian, baina gertatu egin dira, eta denbora honek gugan izan duen eraginaz hitz egiteko beharra dugu askok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu