«Liburuetan agertzen ez dena/ galdu ezin diren tren bakarrak/ erlojurik gabeko bidai honetan/ norabide berriak buruan», En Tol Sarmientok ederki gelditzen du denbora, Xurruta etxaldeko Dominika zenak nola. Shinkansen trenaren abiadura handiko jendartean, bazekien denbora tanpez gelditzen. Buruak oraindik gertatu ez dena proiektatzeko usaia gaiztoa badu zenbaitetan, eta egitekoak direnak oro metatzen ditu, bihotzari taupaden erritmoa zaluaraziz, izerdi danda hotzak eraginez kopetatik beheiti eta arnasketa errotik laburtuz. Holaxe nindoalarik, buru makur, itzuliño baten egiterat abiatu nintzen, gogo-bihotzen arintzerat. Hartan egin nuen topo Dominikarekin: xutik zegoen, sortaldeari so, esku bat bertzearen gainean pausaturik kokotsa eta makilaren artean, bizkarra amiñi bat aitzinka makurturik, zangoak doi bat zabaldurik. Elkar agurtu orduko, berehala arindu zitzaidan arranguren orga. Denbora gelditzeko gauza zen. Isilune luzeek ez ninduten deseroso sentiarazten, baitzuten beraien tokia. Lurraren erritmoarekin sintonian bizi zen Dominika eta erlojurik gabe bidaiarazten zidan.
Denbora bararazlea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu