Bederatzi urtean, dakigula, ia ehun aldiz bortxatu zuten bere senarrak drogatutako emakume bat. Atleta bat hil du bere bikote ohiak, su emanda. Sare sozialetan heriotza eta bortxaketa mehatxuak jaso dituen emakume bat salatu nahi du poliziak mozal legea baliatuta. Urruntze aginduari barre egin, eta etxeko sukaldean hil du emazte ohia gizon batek. 84 urteko beste batek labana sartu dio emazteari Gasteizen. Bost urteren ondoren, alaba, ustez baldintza arraroetan, hil zitzaien guraso batzuek gertatua argitzeko ikerketa berriro hastea lortu dute. Haien kontura lortu dituzten frogen arabera, mutil lagunak hil zuen autoarekin harrapatuta. Lehen mailako futbolari bik bortxatu egin dutela salatu du emakume batek.
Joan den igandetik honako egunkarietan aurkitu ditudan berriak dira. Feministok gizartea beldurtzen ari garela entzun dudan aste berean publikatu dira notizia guztiak. Ez, bada, feminismoa ez da erasotzaileak asmatzen ari. Erasotzaileak hor daude. Gizon guztiak erasotzaileak dira? Ez, noski. Haietako asko bai? Gehiegi gauza onerako.