Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Demagogia

2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Hunkidura exotikoz hartzen ditugu Afrikako miserien irudiak, batik bat haurrenak. «Ai, ama», egiten dugu hasperen, «begira nolako irribarrea», eta gustura estutuko genituzke, peluxezko hartzaren tankeran. «Lezio galanta ematen digute, ba: ezer ere ez daukate baina zoriontsuak dira», diogu, ustezko autokritika, baina funtsean, haien miserian dugun partetik errugabetzeko leloa. Zeren eta errealitateak behin eta berriz agerian uzten digunez, ez dira zoriontsuak: haietako ehunka, milaka, jaioterritik —eta leporatzen diegun ongizate izpiritualetik— ihes egiten saiatzen dira koxkortu orduko, kosta ahala kosta. Agur esaten diete amei, aitei, senideei, lagunei, paisaia eta hizkuntzei. Zeharkatzen dituzte bide, mendi eta basamortuak; neke, gose, egarri eta bakardadeak. Halabeharraren zozketan tokatutako miseria baino nahiago hil.

Eta, bitartean, guk segitzen dugu ahots ozenez munduko hiritartasunak, giza eskubideak, demokraziak, etikak eta moralak aldarrikatzen. Gauez, berriz, piztiak bezala infernu segurura botatzen ditugu promestutako lurtzat hartu duten uhartetxo ñañotik. Eta haien garrasiek goiz-alba urratzen duten arren, futbolarien desertzio eta tristurekin urratzen dira gure barruak.

Askok esango dute demagogia dela nirea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.