Gazteak ginenean ernegatu egitenginen gauzak antolatzen zituzten zaharragoekin. Haiei iruditzen zitzaien guk ez genituela gauzak egin behar ziren moduan egingo. Gure inpresioa, ordea, beste bat zen: guk pentsatzen genuen ez zutela gure egiteko modua onartu nahi. Ia denari buruz eztabaidatzen genuen: herriko jaietara gonbidatu beharreko taldeez, estrategia politikoaz, bizitzaz, harremanez, sexuaz... Erraz ulertzen genuen guk kontua: pauso bat edo bi atzera ematen bazituzten, dena eginda zegoen. Laguntza beharko genuela bagenekien, baina erabakiak guk hartu nahi genituen, gauzak gure erara egin.
Batzuetan, oraindik —ez beti— pentsatzen dut bizitzak beste aldean jarri nauela. Irudipena daukat arlo askotan ari zaizkidala esaten arrazoia dudala, baina uzteko bakean. Nire barruan badakit seinale ona dela, baina honezkero ez zait hain erraza iruditzen pauso bat atzera ematea. Gauza batzuetan bai, besteetan ez. Eta nirekin egin zituzten akatsak egiten ditudala iruditzen zait: neuk erabaki eta gero laguntza eskatu gauzak nire modura egiteko. Baina ariketa egingo dut alboan egoten ikasteko, eta albotik atzera pasatzen ere ikasiko dut. Ederra baita gu egon ginen lekuan edo inguruan beste batzuk daudela ikustea. Ardurak bakarrik ez, erabaki ahalmena ere delegatzen ikasi nahi nuke.

BIRA
Delegatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu