Miren Amuriza.
BIRA

Delegatua

2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Institutuan (DBHko 2. mailatik 3.era bitartean-edo) azalpen argirik bako jarrera aldaketa bat izan genuen: eredugarritzat geneuzkan lagunen alde bozkatzetik, estimu handirik ez genien ikaskideei botoa ematera pasatu ginen kurtsoko delegatua aukeratzean. Jende klase hura, zelan esan, eskolara alkandorarekin etortzen zena eta hautazkotzat Etika barik Erlijioa hartzen zuena zen; askojakina, Informe Semanal ikusten zuela esaten zuenetakoa. Berba soltekoa (institutuko klaustroan zein Intereconomíako tertulia batean ondo pintatuko zukeena) eta koipe-emailea: ni harro nago Mateko maisuaz, ikasketa-buruaz, Aznarrez, Fragaz eta Borboiez! Nostalgiko samarra, noski: haiek bai garaiak, haiek; ez eutanasiarik, ez aborturik, ez enparaurik... Jende klase hura bere burua moderatutzat zeukanetarikoa zen (eskumakoa ni?); gutxiengoen kontra jarduten zuena eta institutua amaitutakoan mapatik ere desagertu zena. Denboragarrenera albistegian ikus zenezakeen jendea, hantxe, PPko goi kargudunen baten atzean jarrita Nuevas Generaciones-ekoekin. Usterik gutxien duzun lekuan agertzen denetarikoa baita horrelako jendea: aseguru konpainia baten iragarkietan, adibidez, edo Espainiako presidentetzarako lehian. Lehenago edo geroago, beti itzultzen baita bere egunean kurtsoko delegatua izateko aukeratu genuen jende-modu hura; mendeku gosez itzuli ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.