Gutariko zenbait joango dira gauerdiko mezara eta Joanes Etxeberriren (1580-1665) Noelak saileko abestiak kantatuko dituzte ahoak eman ahala, gau baten irustasun zilarra melodiaz melodia bihotzetaraino helarazteko. Gainerakoek aldiz, poteoa egin ondoan, izeiaren azpian, lerroan jarri dituzten oinetakoetan metatu opari paketeen paperak zaintsuki xehakatzen tematuko dira. Olentzero ikatz ekarlea hurbilduko da batzuen etxeetara, Mari Domingi laguntzaile duela azken hamarkada hauetan, eta besteenetan Bizarzurik ditu bakean ez dabiltzan munduko bazterrak inarrosiko, gure sinesteak zalantzan emanez.
Guziak, gero, mahai baten inguruan bilduko dira, handiak eta txikiak, dutenak eta ez dutenak, afaltzeko, gutxirekin ere hanpuruski afaltzeko. Zintzurrak emokatuz, batere beharrik gabe, alabaina. Ez ote zuen Bachelard filosofoak erraten «gizakia desioaren kreazioa d(el)a eta ez premia latzarena?». Hori, urte bukaera bakoitzean frogatzen den egia beritablea da. Nik ere, bidenabar, hemendik beretik, irakurle, -kin edo gabe, zorion puska batez gozatzea opatzen dizut.