«Ez zuen ezer aditzen, ez zuen ezer ulertzen» letrek kulunkaturik esperimentatu genituen lehen listu-trukeak, ustez Xabaltxen Ostatu Psi kantua slow bat zela. Herriko plazetan, lehen notak abiatu orduko, barra husten zen eta dantzalekua betetzen bat-bateko bikotez. Urteak pasatu arau, irriz lehertu izan naiz abestiaren erranahiaz jabetzean; ez baitu deus erromantikorik, iduriz, psikiatrikotik pasatzeak eta alkoholean itotzeak.
Alta, oraino behatzen dudalarik, garai hartako emozioak berpizten zaizkit.
Baina hau ez da bakarrik gertatzen musika taldeen kantuekin. Izan ere, Mari Añez Gorostiaga, Jojo Bidart, Jone Barnetxe, Pantzo Irigarai, Bernadette Argain, Luzien Etxezaharreta eta soka luzeko abarrak ere baitu eraginik entzuleen erraietaraino.
Norberaren etxeko betiko hondo musikalez trenpatuak hazi baikara, oharkabean ere, gure puntaren puntako bronkioetaraino.
Esperientzia handiko kazetari horiek balekite zeinen barrena dauzkagun geure baitan eta zenbat soseguzko egun oparitu dizkiguten, haien boz soiletik hasiz.