Gu ere konfinatu gintuzten 2020ko martxoaren 17an. Hegoaldean bi egun lehenago hustu ziren karrikak, hiriak eta landa eremuak. Gure kasuan, oraino ere galdu ez duen kutsu militarreko diskurtso bat egin zuen Macron presidenteak nous sommes en guerre anafora mailukatuz. Gaurkoan, duela bost urte bizi izan genuen entzierroa oroitzen da, adinekoen beldurra eta lehen lerroko langileen premia argia. Garai hartan sare sozialetan isilean zebiltzan teoria konplotistak entzungarri egin ziren, Covid pandemiaren geldiarazteko txertatzea aipatu zenean areagotuko zirenak. Geroztik boterea hartu duten eskuineko politikari batzuen egikerak itxialdi haietan mamituriko usteetan errotzen direla erran genezake!
Konfinamendutik jalgitzean, mundua hobera aldatzeko gogoa bazegoen gugan, halako amets bat, baina konturatu ginen aski laster, hobetzeko partez, egoerak gogortzeko, faltsutzeko eta muturrik ustelenetara eramateko joerak garatu zirela. Pandemia bukatutzat eman orduko Ukrainako gerla piztu zen. Fargo telesaileko Lorne Malvo malefikoak zioen bezala «datxizkagun promesen balio baizik ez daukagu!».