Miren Amuriza.
BIRA

Biziraupena

2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Uztaileko astegun arratsalde batean (gurasoak lanean edo Tourreko etapa bat ikusten ari diren bitartean) igerilekurik ez dagoen herri batean umea izatea, biziraupen ariketa bat da. Hargatixe aritzen ginen gu makila eta toldo zaharrekin txabolak eraikitzen, koilara eta guzti izozkailuan edukitako Petit Suisse jelatuak miazkatzen eta Todo a cien-eko globoak urez beteta elkarri jaurtitzen; lantzean baten etxean Flipper-en, Gonnies-en filmak ikusten edo, zuzenekoak gura genituenean, nerabe bikoteei ezkutuka jarraitzen musuren bat noiz harrapatuko.

Uztaileko astegun arratsalde batean (lagunak lanean edo Tourreko etapa bat ikusten ari diren bitartean) heldua izatea, gauza bertsua da, baina Todo a cien-eko globorik barik. Irten zintezke basamortura eta 8-9 urteko ume tribu batekin topez egin adibidez, hantxe, parkeko bankuan: euretariko bat mugikorra eskuetan duela eta beste bost inguruan, begira. Alboan tobogan bat, amaraun itxurako sare handi bat, txin-txaunak... hutsik. Orduan, kolkoan daroazun Goonie txikiak bultzatuta-edo, sarea eskalatzen hastea otu zuri, hartara, umeak ere jolasera batuko direlakoan. Ordea, haiek «jota zaude» esanez bezala begiratu, bankutik altxatu eta alde egin. Badoaz eta non jabetzen zaren euretako batek, azken doanak, zerrenda zuritik zurira saltatuz zeharkatu duela zebrabidea: bada oraindik itxaropenik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.