BIRA
Bizilekuak
Hementxe bizi gara, nor geure eraikin indibidualean: batzuenak garaiak dira, baxuagoak besteenak; batzuk multzoka daude, besteak banaka; erdigunekoak eta periferiakoak; estaliak eta estali bakoak; amama-aitita, izeko-osaba, gurasoengandik herentzian jasotako moldeekin asko, nork bere kontura altxatu, atondu, dekoratutakoekin gehienak. Hor, esaterako, udarako bakarrik bertaratzen den lagun bat bizi da; ekainetik irailera ondo-ondo zainduta edukitzen du, baina neguan erabat abandonatuta. Aldiz, beste horretako habitantea, urte askotarako hipotekatu zen gaztetan; egunean hiru tabako pakete erretzen ei zituen! Hau luzaroan ibili zen sarkin gogaikarri bat beretik bota ezinik eta beste hori desjabetu egingo zuten ingurukoak mobilizatu izan izan ez balira: ezezagun batekin ezkontzera behartu gura izan zuten... Honenak agerian du urtetxo batzuk dituena eta, halere, enkantu itzela dauka bere horma arrakalatu eta teilatu zuri. Beste horrena ezagutu ere ez egiteko moduan dago zaharberritu zuenetik. Eta hango hark... Hango hark zenbatetan ez ote zuen entzungo ez zegokion lekuan jaio zela; ordea, arazoa, bere habitatzeko manera bainoago, bizilagunen ikuskera izan. Honenak euskarri bat falta du, harenari orbainak agertu zaizkio fatxadan... Hementxe, aldizka konpartitzen ditugun eraikin indibidualetan; hementxe bizi gara, nor geure gorputzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu