Italiako hedabideek toki berezia egin diote aste honetan, Emma Morano erkideari. 116 urte bete berri, Europako pertsonarik zaharrena dela dio, esaterako, Turingo La Stampa egunkariak; halaber, XIX. mendean jaio eta oraindik bizirik dirauen bakarra dela kontinentean, eta bigarrena munduan, Susannah Mushatt Jones iparamerikarraren atzetik, lau hilabeteko aldeaz.
Biziraupenaren luzea zeri zor ote dion egiten dute galde txundituta kazetariek. Egokitu zaizkion geneek norainoko rola ote duten —haren DNA Harvard unibertsitatera igorri dute iker dezaten—, edota zein neurritan izan ote den erabakigarria bere dieta bitxia, 20 urte zituela anemia diagnostikatu ziotenetik 110 urte bete arte, egunean hiru arrautza jan baititu gosaltzeko, bi gordinik eta bestea egosita. Alegia, 100.000tik gora, guztira.
Galdera ilunagoak otu zaizkit oharkabean: zer egin ote zuen bere haur bakarraren heriotza asimilatzeko, non bilatu ote zuen duintasuna dibortziorik ez zen garaian senar tratu txarren emailea utzi eta bere kasa jarraitzea erabaki zuenean, nola egin ote zion aurre bakardadeari, esamesei, zer-nolako kaltea egin ote zion gerrak edo 75 urte arte lan egin beharrak… Zorigaitzen aurrean erakusten den sena elikadura eta genetika bezain garrantzitsua delakoan.

BIRA
Bizi-luzeraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu