Zoragarriak dira hiriak, bereziki hiri handi eta anonimoak argi zirrintan. Eta goiz zurbiletako freskuran, iruditzen zait Louise Bourgeoisen Ama-ren besoen artetik pasatzeak Bilbok ematen didan oparia dela. Zilarrezko makila puntadunik gabe nabil oraingoz. Urteak ahitzean ageriko! Uste dut gainera, Leila Guerriero idazle argentinarraren bizio berdinaz sufritzen dudala, hau da, egunak, trosta arin eta labur batekin hastekoarena!
Ibaizabal hegira jaisten naiz, Bilbon korrika egiteko pribilegioaz eta zorionaz jabetuz urrats bakoitzean. Zerua gorri da ekialdetik eta errioaren azalak burdin kolore berdina dauka. Egun batzuk Bilbon iragatekoak ditudanean kirol zapatak hartzen ditut nirekin. Ohituraz. Bai eta higatzen ere, mende erdi batean aurpegiz arras aldatu den ziutate honen giroaz gozatzeko.
Ez pentsa irakurle Bilbo-zale esklusiboa naizenik. Baiona eta Bozate ere maite ditut espiritua inarrosteko. Lekurik zoragarriena? Agian Reykjavik, eta Lutxorekin partekatu nuen hirian zeharreko lasterraldi hunkigarria! Baina bihotzak dio…