Egiten ari diren guztia egiten ari direla ere, Israelgo Gobernuak biktimatzat erakutsi gura du bere burua. Han bizi diren askok daukaten diskurtsoa anakronikoa eta beldurgarria da: berdin die palestinar guztiak hiltzeak, Jainkoak haiek aukeratu ditu lur haietan bizitzeko. Eta horri heltzen diote XXI. mendean arrazoibidean. Israeldik kanpo mugitzen direnean ere haiek dira biktimak. Amsterdamen, Ajaxen kontrako partidaren ostean, Maccabiko jarraitzaileak jipoitu egin ei zituzten. Hori izan da komunikabide askotan ikusi dudan bertsio bakarra. Kontua da partidaren aurretik sekulakoak egin zituztela: Palestinako banderak kendu zituzten balkoietatik, oihu arrazistak bota zituzten behin eta berriz… Berdin du: haiek beti dira biktimak.
Ez dakit zer gehiago egin behar duten munduak haiengan biktimarik ikusi ez dezan. Ez dakit noiz arte sentituko den gaizki Europa II. Mundu Gerran gertatutakoagatik, baina nahikoa da. Israel ez da inoren ez ezeren biktima orain eta hemen. Ezin diegu edozein gauza egiten utzi.