Etxeko menuek haragia bakanetan bazuten ere, begiek hartarik franko irensten zuten: nudismoa praktikatzen baikenuen. Igerilekurat joateko, alta, bikinia jantzi behar.
Aspaldikoa du jatorria, Antzinarokoak baititu herexak: kirolari emazteek janzten baitzuten. Alta, bikinia izenak udako gozoaren konnotazioa badu ere, badarama bere baitan alderdi ilunik. Izan ere, Marshall uharteetako atoloi bat da, zeinetan, 1946tik aitzina AEBek esprabu nuklearrak praktikatu baitzituzten, Trumanek planeta osorat izialdura irradiatzeko; indigenak eta haien arbasoen hezurdurak handik bortxaz uxatuz. Bortz egun geroago, Louis Reardek lehentze aurkeztu zuen Parisen bainujantzia, Michele Bernardini aktorearen gorputzean, slogan fresko hauen bidez: «dagoen bainujantzirik ttipiena», «lehen bonba anatomikoa». Alta, hasmenta hartan debekatu zuten, tabu zen xilkoa agerian uzten baitzuen; Benidormen salbu, Francok hala baimendurik: hiria turistaz mukuru bete zen. 1953tik goiti lehertu zen bikiniaren hedapena, Brigitte Bardot, Marilyn Monroe edota Ursula Andress aktoreek beztiturik.