Esan ziguten gasolinaren prezio igoeraren kolpea biguntzeko emango zizkigutela 20 zentimo litroko. Ez zuten kolpea askorik bigundu zentimook. Azken batean diru hori lehen ere geuk ordaindutako zergetatik eman ziguten, eta oso beharrezko genituzkeen zerbitzuak kendu zizkiguten betikoek ez zezaten ezeren kexarik izan. Irabazten atera diren bakarrak Repsol, Cepsa, Campsa, Shell, Petronor... eta ezagutzen dituzuen antzerako beste enpresa guztiak izan dira. Gasolinaren prezioari muga jartzetik oso urrun gaudela iritsi da urtarrila, eta abenduaren 31n gasolindegiek ez zuten abastorik ere ematen. Pena ematen dugu: txikitu egin beharko genituzkeen lekuetan, gure kontura aberasten ari direnen aurrean, makurtu egiten ditugu belarriak. Eta ilaran itxaron ogi apurrik ea erortzen zaigun.
Eta gasolinarena irentsi egin genuenez, orain BEZarena sartu digute. Letretakoa naiz eta barkatuko didazue kalkuluetarako zehaztasun dorpea, baina BEZari dagokion ehunekoa kenduta ere, beste arrazoi batzuengatik igo dutenaren ondorioz, dena garestitu da. Edo halako zerbait. Bada, nik BEZa ordaindu egin nahi dut. Ni prest nago zergak ordaintzeko, baina gure biziraupenaren kontura aberasten ari direnek itzuli diezagutela gure zergetatik hain merke eman zaien dirutza.
BIRA
BEZ
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu