Ez da gehiago Euskal Herri barnealdeetan, iparraldean eta hegoaldean, duela mende erdia bezala bizitzen ahal, sexu norabide edo genero aldetikako ñabardurak nabaritzen direnean, arriskuan, gordeka, ahalke edo kanpora sexiliatu beharrez. Hainbat jendek, gizon eta emaztek, horrela jardun zuten denboran. Ez hain aspaldi, Dom Campistron artista gazteak ederki marraztu zituen mendeetako egikera uzkur horien lekukotasunak Bekatorosak bere liburu grafikoan.
Ordu da izenak eta izanak zehazki plazaratzeko. Ongi dator beraz, aurpegia ematerako bidean, bihar eta etzi Atharratzen egingo den Bekat’uros festibalak luzatzen digun gonbita. Goizeko hamaiketatik goiti, ekitaldi parrasta bat iragarria da, bazkaria eta taloak barne. Dena ez da perfektua prefosta, baina aitzin-iritziak, jujamenduak, zurrumurru letalen zidor ilunak baztertzen dira horrelako okasioetan, edonor, den bezala onartzen hasteko.
Onarpenak gero gelditzerik ez du. Elur birla baten antzera dabil, loditzen, handitzen, eragile bilakatzen, herri honetaz leku segurua eginez, bederak eta guziek egunerokotasun irusaz goza dezaten.