Badu hamar urte Elizondo eta inguruko herrietan (H)ilbeltza festibala iragartzen dela! Jon Alonso eta biok animatu genuen lehen edizioko mahai ingurua, bakoitzak gure pertsonaia ilunenak aipatuz. Ura isuri da geroztik Xorroxin turrustan behera: bertan biltzeko ohitura dugu, ekitaldi, bazkari eta misterio zenbait elkarrekin harilkatzeko. Leku berezia dauka Baztanek Euskal Herriko geografian, Zuberoak edo Lasturrek bezala. Ezagutzen ditugu horko kantak, agoten tragediak, dantzak eta laino pean tapalakatzen diren eremu oihantsuak. Haritz enbor erraldoiak, arrats apaletan, gizakien moduan mugitzen dira Dolores Redondo bera izuz dardarka jartzeraino.
Euskaraz ere, azken hamarkada hauetan, nobela beltzak gaina hartu dio eleberri klasikoari. Munduan zehar prosak antzeko ibilbidea marraztu du, eskualde bakoitzak bere estiloa landuz: nordikoa hor dugu, polifazetikoa, Malikoa Moussa Konaterekin, edo oraino Frantziakoa Dominique Manotti ezagunaren eskutik. Jendarte suminduen minak eta saminak kontatzen dizkigute. Literaturak nortasun agiri minbera gisa (ere) balio duelako.