Bira
Bateraezina
Egunero esaten ditut garrantzi handirik ez duten gauza asko. Txiste txarrak egiten ditut lagun artean nagoenean, eta sekulako barre algarak egiten ditut neure buruari ateratzen dizkiodan akatsekin. Bizitza oso ariketa serioa delako egiten dut barre, ahal badut, egunero. Badaukat iritzi politiko bat, badaukat bizitza ulertzeko modu bat, badaukat maitasunari buruzko uste bat, asko irakurri dut ustez garrantzitsuak diren zenbait gauzaz, baina ez dut mundu guztiari hori esplikatzen ibiltzeko beharrik. Maite nautenek badakite nola pentsatzen dudan eta zeren arabera ekiten dudan. Ez daukat beste inori ezer erakutsi beharrik, baina jendearen aurreiritziek nire onetik ateratzen naute. Parrandazalea bazara eta irribarretsu bazabiltza, badirudi ezinezkoa dela gauza potoloen gaineko iritzi bat izan dezazun. Aldizkari arrosak irakurtzen badituzu, ez zara gai liburu normalak ulertzeko. Vietnameko gudari buruzko dokumentala eman zutenean beste zerbait ikusten egon zinenez, jendeak pentsatzen du zuk ez dakizula Vietnam non dagoen ere. Zoritxarrekoak dakiten guztia etengabe erakutsi beharra sentitzen dutenak. Zorionekoak bizitza, jakituria eta umorea bateragarriak direla ulertu dutenak; hori ikasi dutenek gehiago dakite.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu