Deliberatu du paranoiatik urruntzea, ahal bezain gutitan entseatzea asmatzen bertzeak zer pentsatuko ote duen. Erabaki du norberak baduela aski lan bere gogoetak lantzearekin. Eta oroitu da hartaz. Herri guzietan izaten den bezala: herriko kuriosaz. «Kurios pinterdi!», erraten zioten denek... bere bizkar. Gosez hamikatua den batek murtxikatu gabe janaria irentsiko lukeen bezala, hark ere dagoenaren eta ez dagoenaren berri jakin nahi zuen.
Egun batez, hasi dira hartaz solasean, ahoan bilorik gabe, amiñi bat larrutuz. Ez hura, baizik eta hark zuen jarrera, jendea informazioz biluzteko zuen joera «madarikatua», eta zekien horrekin, jendea lagundu beharrean, bazterrak nahasteko zuen usaia «itsusia».
Hara non, nor agertu, eta hura bera: herriko kuriosa. Giroa doi bat tinko dago, denek ulertu baitute entzuna duela bere gaineko solasa. Alde egin orduko, etxeko zaharrenak bota du: «Barrandan denak ez du deus onik entzuten... beretako!».
Entzun zuenetik ez zukeena entzun beharko, barrandan egoteari utzi dio, eta engoitik, librekiago bizi da.