Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Barrabilak

2013ko irailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zenbat eta barrabil txikiagoak eduki gizonezko batek, hau da, zenbat eta testosterona gutxiago ekoitzi, orduan eta txeratsuagoa izango da seme-alabekin. Erran nahi baita ipurzapiak aldatuko dizkiela, laztanduko dituela, jaten emango diela eta haiekin jolastuko dela. Edo alderantziz: zenbat eta barrabil handiagoak —hots, testosterona gehiago—, orduan eta axolagabeago arituko dela.

Aizue, ez da txantxa, zientziaren zigiluaz zilegiztatutako baieztapenak dira aurreko horiek guztiak: zehazki, AEBetako Emoryko Unibertsitatean egindako ikerketa baten ondorioak. Eta berdin dio 70 gizonekin soilik osatu badute lagina: bolo-bolo ibili da albistea mundu osoko hedabide, feisbuk eta txiolandietan —bitxikeria polita deskalabruz betetako albiste saioa eta eguna arintzeko—.

Gainera, azken buruan, zentzu komunez, pentsamendu kolektiboz, natural, denok genekiena baieztatu baino ez du egin: gizonek, zenbat eta gizonago —alegia, zenbat eta barrabiltsuago, zenbat eta testosteronatsuago—, gaitasun gutxiago dutela umeak zaintzeko; hori emakumeen, amen sena dela. Hara, eta ohartu orduko, eredu patriarkalaren muinetako bat ideologiaren eremu labainkorretik atera du zientziak, berriro, Egiaren aldarean jartzeko.

Telebistako aurkezleak ezin izan dio barreari eutsi barrabil esaterakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.