Bira
Bakearen bila
Makina bat urte daramagu euskaldunok Bakearen Bila izeneko mahai jokoan. Barbaro eta burugogor samarrak izaki, ezin izan dugu saihestu jokoari eusteko sortu ditugun zenbait mahai haustea. Horixe gertatu zen Aljerreko, Loiolako eta Lizarrako partidetan: hotz ibili ziren parte hartzaileak, eta hotzaren hotzaz mahaiak apurtu egin ziren. Hotz edo bero ibiltzen baita bat bilaketa jokoetan: bilatu behar duenera hurreratu ahala, berotu egiten da, eta urrundu ahala, hoztu. Orain arte jokalari guztiok izan ditugu geure motiboak ez berotzeko: disoluzio eskaerak, demokraziarik eza, ekintza armatuak, ilegalizazioak, kondena eskaerak, erabakitzeko eskubidea onartu nahi eza... halako oztopoak aurkitu ahala, atzera egiten izan dugu, eta hoztu egiten izan gara. Pentsatzen dut ez gabiltzala guztiok gauza beraren bila bakeaz ari garenean: batzuentzat nahikoa da ETA desagertzea, eta besteok hori baino askoz gehiago nahi dugu bakean bizitzeko. Horregatik kostako zaigu hainbeste, akaso. Ez da erraza bakera hurreratzea eta berotzea; gutxiago oraindik, nazioarteko hainbat aditu zure etxera datozenean zuk urrunera ospa egiten baduzu. Iruditzen zait New York Donostiatik urrutiegi dagoela bakearen alde atxitxarratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu