Hurbil bizi izan nuen. «Gure umeak gelako guztiak berdin maite ditu», esaten zioten beste gurasoek urtebetetzeetara gonbidatzen ez zuten ume bakarraren amari. Sei bat urte izango zituen umeak. Eskolaz aldatuko zutela esan zuenean ere, ez zioten sinetsi harik eta klasetik desagertu zen arte. Inork ez zuen sekula gehiago hari buruz galdetu. Egoera izugarria da: zuk ikusten duzu zure umeari egiten ari zaizkiona, baina beste guztiek nahiago dute ezer ez jakin, haien umeak botere posizioan daude. Zurea da bakardadean negar egiten duena.
Ume talde bat dagoen lekura begiratzen baduzu, laster ikusiko duzu zein den agintzen duena eta zeintzuk diren gutxi batzuei edo bakarrari barre egiten diotenak. Abusatzen duten umeak ez zaizkit gustatzen. Hala ere, gutxiago gustatzen zaizkit haien gurasoak. Ezin dut jasan nola antzezten duten normaltasuna, sufritzen ari diren umeen aurrean.
Hamarkada bi bete dira gaur Jokin Zeberiok Hondarribiko harresitik salto egin zuela. Zer aldatu da? Protokoloak eraiki dira, bai; baina biktimek bakarrik egoten jarraitzen dute.