Bira
Badoaz
Gehienetan autoz pasatzen naiz Zabaleko trenbidearen gaineko zubitik, baina oinez noanean ere ez dut Paula han ikusten. Urteak dira Eustasioren falta dagoela goiko pinudian; inor ez da egoten han eserita Besangizera begira. Sabinen Ducadosak ez du kerik ateratzen, eta Balendinek eta Klarak ez didate txokolaterik ekartzen astelehenetan. Mariaren taberna itxita dago, eta beste Maria biak falta dira. Parranda egitea ez da hain ederra: goizeko 10:00etan etxera noala, ez zait Erasmo barreka etortzen lanerako aitzurra eskainiz. Etxetik perfumatuta ateratzen naizenean ez dut Aiko ikusten muxu bi emateko, eta Juezak ez gaitu bidean gelditzen jakin nahi duen guztia galdetzeko. Batzuk Alzheimerrak eraman zituen; beste batzuk beheko errepideko zirkulazio handiak, eta bakarren bat logureak eta nekeak. Medikuak dio Irene ere badoala. Belaunaldi osoa ari zaigu joaten Zabalen, eta munduari berdin dio. Mundua abiadura bizian doa beheko errepide nagusian, baina guri nork egingo dizkigu txurroak eta txokolatea hotz egiten duenean? Nori kontatuko diot nik alfonbra gorriarena, Irene, nori? Pena ematen dit. Gure umeei inork ez die kontatuko 1937ko apirilaren 26an nola ikusi zuten goizean goiz hegazkin bat zeruan bueltaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu