Igande honetan Epifania edo erregeak ospatzen dira, molde ezberdinetan mugaren bi aldeetan, horrek ere finkatzen duela Euskal Herri honen aniztasun bizitorea. Hegoaldean, erregeak datoz, distiraz apaindurik, Gaspar, Meltxor eta Baltasar ekialdeko magoak, eskuak mirraz, intsentsuz eta urrez mukuru, opariz kargaturik, Jesus haurra adoratzearen aitzakiarekin... Iparraldean, aldiz, jendea okindegietara ernatzen da frangipanez egin bixkotxaren erostera. Bixkotxaren barnean, nonbait, baba bat dago. Baba aurkitzen duenak errege koroa janzten du eta hurrengo pastela ordaintzera behartua da.
Bixkotxaren, baba zuriaren eta beltzaren ohitura erromatarren Saturnalen besten denboratik datorkigu: gormantek betidanik une deliziosak partekatzen jakin dute. Lehen, etxean bertan adelatu bixkotxa mahai inguruan zeuden jende bezain partetan mozten zen, gehi bat, sendian falta zenaren zatia. Bazter batean atxikitzen zuten haurride hura itzuli bitartean, eta puska hori ez baldin bazen mutxitzen, zori on seinale zela zioten!
Bixkotxa gozoa da eta baba gogorra!