Ainize Madariaga

Azentu espeziala

2024ko apirilaren 20a
05:00
Entzun

«Egun on!», erran diot ni bezala kafea hartzera horra den jin-berriari, Donapaleuko merkatuan. So borobil-borobilek erantzun didate, mutu, begi-ninikak ohantzeetatik jauzi beharretan. Lepoa xut-xut jarri zaio hiruretan hogei urteko muztatxadunari, burua tente, eta zeharka bezala begiratzen dit, erraldoia balitz bezala. Irriñoa itzuli diot, ene burua amiñi bat perbertsotzat dudala, baitirudi, haren begitartearen arabera, ene asmoak baduela bihurrikeriatik. Istant baten buruko, ezarri du mihia dantzan: «Zer erran duzu?». «Egun on!». Harritua bezala da, eta ez dut entelegatzen zer dela-eta. Bizpahiru ele egin ondoren, laxatzen hasia da, ondorioztatu baituke ez naizela lanjerosa. «Nongotarra zara? Baituzu azentua». Euskaraz ari, emaztea, eta oraino ez adinekoa: osagai bateraezinak, nonbait. Hasi natzaio esplikatzen baxenafartartu naizen lapurtarra naizela, baina odol bizkaitarrekoa... Espezie zenbaiti bezala gertatzen zaio ene azentuari: sailkaezina dela, edo nahaspilaren taldekoa. Non ere naizen, azentua baitut. «Elkar konprenitzen duguno, zer inporta du?», bota diogu elkarri amultsuki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.