Ilunabarrean, autobusetako leihoak urdinaren eta argitasun zurbilaren artean dantzan dabiltza, ez jakin zer hauta. Iparraldeko TxikTxak sarea berrantolatu zutela erran dut jadanik Bira hauetatik batean. Baiona eta Hendaia arteko ibilbidea Donibane Lohitzunen moztu dutela erantsi beharko nuke, Donibanen egiten delarik Hendaiarako autobus aldaketa. Ordu erdiro partitzen dira busak, norabide batera edo bestera, goizeko seietatik kasik gauerdi arte. Baliabide baliosak, autoa erabili nahi edo ezin dutenentzat.
Halako batean, bus 3a abiatzear zegoela, Bashô japoniar ibiltari handiaren haikuak irakurtzen ari nintzen. Gidari andere batek euskaraz agurtu ninduen eta ez nengoen batere gaizki. Horra non mutiko gazte pare bat sartzen den, giza puska bizardun indartsu baten aitzinean gizon mehe, arin eta elekari bat bazetorrela. Bikotean zeudela salatu zidan nire gayradarrak eta hala zen, lehenak iepatu ninduen jostari eta nire gibelean jarri orduko musuka hauteman nituen. Batzuetan, gaueko autobus anonimoak maitasun disidenteen —baina disidentzia gehienetan norma ere da, ezta?— aizolbeak dira. Dagust, hagitz!