Bilbotar bi atxilotu dituzte Venezuelan. Zeruak eta lurrak astindu ditu berriak. Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak haien atxiloketaren kausak argudiatu ditu publikoki, eta egia esan, ez dakit erabat sinesgarria iruditu zaidan edo ez. Autoan irratia entzuten nindoala, askatu egin behar lituzketela pentsatu dut. Edozelan ere, konparazioak gorrotagarriak diren arren, pentsatzen hasi naiz zer leku egin zaion bilbotarren kasuari telebista publikoko albistegietan, eta Pablo Gonzalezi egin izan zaion lekuarekin alderatu dut. Guztiok dakigu aldea.
Ez baita berdina noren alde jartzen zaren edo nork atxilotzen zaituen. Kasu batzuetan zure kontrako argudioak asmatuko dituzte eta beste batzuetan egiten duzun edozein gauza justifikatuko dute. Zein desberdinak diren gure agintarien begietan Polonia eta Venezuela, zein desberdinak Maduro eta Zelenski... Zein desberdin portatzen diren agintariak haien interes geopolitikoak kritikatzen edo babesten dituenarekin. Inori txarrik desio gabe bada ere, ez genuke ahaztu behar gure iritzia beren gogara egunero manipulatzen dutela.