Zinez maite dut Atharratzen iratzartzea, bereziki zerua gris denean, euritear, ingurunea berde iluminatu batez distira dabilen bitartean. Hemen, naizen poeta txipilaren lilixkak irekitzen dira eta egiazkoa izan naitekeela sentitzen ahal dut. Basabürüako hiri nagusia bide gurutze batean altxatzen da Madalena mendiaren oinetan. Noranahi joan gaitezke Atharratzetik abiatuz, Espainialat adibidez, urtxo zuri haren hegaletan. Lurralde tragikoa dela iruditzen zait, neurri batean, Greziako Peloponesoko Argolida kaltzikoaren parekoa.
Bat-batean, Atharratzeko plazan nagoela, pala eta pilota eskuetan, urrats lasaian hurbiltzen ikusten ditut Bereterretxe, odoletan, Marisantz, hatsanka, Tzapelo, Xuburu eta Loustalot hiru bozetan kantari. Andozeko ibar luzea, Bosmendietako xendak eta Josafateko zelai baketsuak abandonatu dituzte ene ameslari linternaren argitzera etortzeko. Beraien epopeiak kontatuko ditudala badakite, bortüen arteko Itaka den Atharratze hau sekula moztu gabeko euskararen zilborra balitz bezala goraipatuz: hizkuntzaren ironia, musika eta harilkatze eliptikoa bihikatzen dira Atharratzeko itzalki kalakarien ezpainetan!